Godoten esperoan

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko aza. 23a, 12:50

Txertoari buruzko notiziak pantailatik nola pasatzen diren ikusiz pasa dut asteburua. Esperantza eragiten duen notizia izan behar luke. Ez dakit, ordea, txertoa gertuago ikusteak pozten gaituen horrek akabera eman diezaiokeelako COVID-19a eragiten ari den ospitaleratzeei eta heriotzei; edo, gehienen kasuan posibleagoa iruditzen zaidana, horren ondorioz birusaren aurka hartutako neurriak pixkanaka desaktibatuko direla ere aurreikusten dugulako. Agian bi gauzak dira batera, baina gutako bakoitzak kopuru desberdinetan nahasten ditu itxaropena edukitzeko motiboen kokteleran.

Edonola ere, xiringa miragarria iritsi bitartean Samuel Beckettek idatzitako antzezlan baten antza dute gure elkarrizketek:

– Goazemak hemendik –dio Estragonek.
– Ezin diagu –erantzuten dio Vladimirrek.
– Zergatik? –galdetzen dio Estragonek.
– Txertoaren esperoan gaudek –laburbiltzen du egoera Vladimirrek.

Esperoan gauden bitartean lurrik gabeko bidean gabiltza oinez. Ez dago erantzun zehatzik, ez dakigu noiz egin ahalko ditugun berriz oso oinarrizkoak zitzaizkigun gauza asko. Eta kezkatzen nau pixkanaka galdutako askatasun batzuk berreskuratzen hasten garenean har dezakegun jarrera konformistak: asko kendu dizutenean, zeneukana berreskuratzea bihur daiteke zure aspirazio nagusia. Ahaztu dezakezu 'Black Mirror'-eko kapitulu batean bizi baino lehen sinesten zenuela beste zerbaitetan, dagoenarekin moldatzetik haragoko ortzi-mugak zeneuzkala. Sarritan zaintzaz hitz egiten dugula entzuten dut, adibidez, eta galdera sortzen zait: egoera honetan ez ote gara ari zaintza paliatiboez beste ezertaz baino gehiago?

Biziraupen dinamiketan murgilduta, elkarrekin zerbait eraiki behar genuela ahaztera iritsi gaitezke. Edo are okerrago: gure sorgortasunetik, "zarata" gisa kalifikatu ditzakegu kalera ateratzeko adina indar bildu dutenen aldarriak. Eta niri behintzat, antzezlan absurdo honen gidoitik ateratzen direnak modu horretan deskalifikatzea hanka sartze handi samarra egitea dela iruditzen zait.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!