Kontxu Odriozola eta Maria Luisa Galardi

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko aza. 16a, 13:00

Kontxu Odriozolaz gogoratzen naiz. Ez beti, noski, momentu oso konkretu batzuetan baizik: norbait hasten denean fikziozko lanei buruz hizketan ikuspegi, nolabait esateko, "sozialki konprometitu" batetik, sarritan akordatzen naiz duela lau urte hil zen aktoreari "Goenkale"-ren hasierako garaietan egin zioten elkarrizketa batez. Maria Luisaren pertsonaia jokatzen zuen Odriozolak telesail horretan eta, kontatzen zuenez, seriearen lehenbiziko denboraldian jendea gerturatzen zitzaion kalean, ondo ari zela esaten zioten, segitzeko Lasa anaiei gogor egiten. Barre egiten zuen aktoreak, ikusita publikoaren parte batek ez zuela desberdintzen nor zen antzezlea eta nor pertsonaia.

Badago modu bat pelikulak ikusteko edo nobelak irakurtzeko, dezente gogorarazten didana kalean Maria Luisa Galardi ikusi uste zuen jende horren jarrera. Irudipena daukat gizartearen aurrerakuntzaz oso kezkatuta dauden pertsona batzuek eleberriak irakurtzen dituztela beraien benetako bizitzetan ikusi nahiko lituzketen pertsonaia eta jarrera eredugarrien bila. Konbentzituta baitaude bando onean daudela beti; horregatik, fikzioari eskatzen diote ispilu izan dadila euren edertasun moralarentzat. Eta noizbait istorio batean aurkitzen dutenean gidoi horretatik aparteko zerbait, ez da arraroa izaten publiko mota horrek interesa galtzea edo, kasurik okerrenean, obraren epai ideologikoak egiten bukatzea.

Ideologia fikziozko edozein lanetan aurki daiteke, noski; baina fikziozko edozein lanek ideologia baino askoz gauza gehiago ere badauzka. Eta denborarekin gauza interesgarrienak izateko mania bitxi bat dute.

Esan bezala, sarritan akordatzen naiz Kontxu Odriozolaren elkarrizketa hartaz: berak gutxienez barre egin zezakeen "Goenkale"-ko pertsonaia batekin nahasten zutenen despisteaz. Gaur egun, errealitatearen errepresentazioa eta errealitatea bera desberdintzen saiatu nahian pizten diren eztabaidek, zerbait eragitekotan, negargura eragiten dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!