Barkatuko didazue nire gaurko mendiko sermoitxoa korporatibismo pixka batekin hastea, baina askotan izaten dut sentsazioa gaur egun irakur daitezkeen kazetaritza artikulurik onenak prentsako orrialde kulturaletan egoten direla. Urrutirago joan gabe, joan den ostiraleko 'Le Monde' egunkariko liburuen gehigarrian artikulu oso interesgarria plazaratu zuen Frédéric Boyer P.O.L. argitaletxeko zuzendariak fikzioaren eta bizitza pribatuaren arteko harremanaz. Idazlea ere baden editore honek esplikatzen du fikzioa gure bizitzetako gorputz isila dela eta literatura autobiografikoak alor mutu horri gorputz bat ematen diola, hitz eginarazten diolako argitara atera aurretik gure buruarentzat bakarrik existitzen den fikzio horri.
Artikuluak lagundu zidan argitzen autobiografiaren alorrean zer den fikzioa eta zer, aldiz, gezur gisa besterik definitu ezin den zerbait. Azken urteetan tonaka argitaratu da norberaren bizitzari buruzko literatura, baina horrekin batera, geroz eta tendentzia zabalduagoa da norbere buruari bizitza bat asmatzea: leiho digitaletan egunero ikus dezakezu klase ertaineko jende zuri pila bat gizarteko klase zapalduenetakoak balira bezala hitz egiten. Eta hori egiten dutenen jarrera guztiz perbertsoa iruditzen zait, Boyerren arabera fikzio autobiografikoak eskatzen duen barne-lanketaren antipodetan dagoen zerbait, norberaren alde ilunetan esploratzeari uko egiteaz gain, azpiratutako jendeak publikoki suplantatzean oinarritzen delako.
Gizarte gisa asko irabaziko genuke asmatzeko daukagun gaitasuna gure buruaren kontakizun egiatiak konposatzeko baliatuko bagenu eta ez garena ez garela adierazteko adreilu diskurtsiboak bata bestearen gainean jartzen.