Gogoratzen duzue Tamagotchi izeneko jostailua? 1990eko hamarkadaren amaieran Bandaik merkaturatu zuen arrautza itxurako maskota digital hura: piztu ondoren benetako maskotak bezala zaindu beharreko zomorro bat agertzen zen pantailan eta mota guztietako zaintzak eskatzen zituen, hasi janaritik, pasa jolasetatik eta gaixotzen zenean botikak emateraino. Trastearen eskaerei erantzuten bazenien, hazi egiten zen eta, aldiz, zaintzaz paso egiten bazenuen, hil egiten zen zaratatxo gogaikarrien artean.
Milurteko aldaketatik gertu geundenean etorkizuneko jostailuak horrelakoak izango zirela pentsatzera ere iritsi ginen, baina gero jada ez, produktu japoniarraren salmentak beherantz hasi baitziren Spice Girls edo Backstreet Boysen fama bezala. Hala ere, ni sinetsita nago hemendik mende batzuetara historialariek gure garaia errepasatzen dutenean, 90eko hamarkadara iritsi eta azpimarragailuak bata bestearen atzetik gastatuko dituztela, ondoren etorriko zen guztia aurreikusi zuen epea izan zela esanez. The Simpsons telesaileko profeziekin bakarrik aski izango lukete, egia esan, baina Tamagotchia zer izan zen ikusten dutenean, XXI. mendeko hirugarren hamarkadako gizakien aurrefigurazio perfektua zela ikusiko dute. Izan ere, orain gu bihurtu gara Tamagotchiak eta elkarren maskota digitalak bagina bezala erlazionatzen gara, gure behar emozionalak, gure aisialdia eta geroz eta gehiago premia ekonomikoak ere sareetan asetzeko eskatzen baitiogu elikagai digitalak emateko prest agertzen zaigun edonori.
Tamagotchi bihurtzeak badu, gainera, azken kopla bat, nahiko iluna: 1997 urrun hartan, jostailua erosi zuten haur askok nahita hiltzen zuten euren maskota, gero zer gertatzen ote zen ikusteko-edo. Askotan izaten dut sentsazioa gure harremanak sareetako pultsioen bidez bideratzen ditugun garai honetan indiferentzia berarekin hauteman dezakegula besteen bizitza nola galtzen den zaratatxo gogaikarrien artean.