Mailukada bezala erori da albistea: Durangoko Plateruenak ateak itxiko ditu arazo ekonomikoek hala behartuta. Ziklo aldaketa handi samar baten erdian gaudela konturatzeko zantzuak behar dituenak ez du urrutirago begiratu behar: horrelako proiektu bat martxan jartzea erabaki zen garaian, segur aski, gaur egun erabat galdu dugun baikortasunarekin ikusiko zuten etorkizuna, bestela herri bateko euskalgintza ez baitzen sartuko ia milioi eta erdi euroko inbertsioan.
Beroaldi ekonomikoaren garaiak Plateruena martxan jarri eta gutxira amaitu ziren eta testuinguru hartan abiatutako proiektu kultural batzuk zorraren zepoan harrapatuta geratu dira.
Arreta deitu dit, nolanahi ere, itxiera zein erraz onartu duen mundu guztiak. Plateruenak finantza erakundeei ordainduko ez dien kopurua 100.000 euro ingurukoa da eta horri erraz eman ahalko litzaioke buelta instituzioen laguntzatxo batekin –obra publiko askoren gainkostuak askoz handiagoak dira eta zalaparta handirik gabe pagatzen dira denon diruz–.
Baina akaso ziklo aldaketa ez da bakarrik ekonomikoa. Agian euskal kulturan ziklo politikoa ere aldatu da. Plateruenaren eraikina Durangoko Udalaren esku geratuko dela jakiteak garaiaren metafora marrazten du: herritar antolatuen bultzadaz abian jarritakoak instituzioen esku bukatuko du. Garaiaren sinekdoke gisa ere uler daiteke: parte batek, Plateruenak, osoa ordezka dezake, euskalgintzako eragile batzuek azken urteetan erakundeekin hasitako likidazio-prozesua nola amai daitekeen erakutsiz.