Bill Gates izan da

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko eka. 15a, 12:49

Koronabirusak egoera berri asko probokatu ditu, hasi segurtasun distantzietatik, segi gure kaleetan ugaritu diren super heroi maskaratuekin, pasa ikuslerik gabeko futboletik (alegia, anti-futboletik) eta bukatu streaming bidez emititzen diren kontzertuetan (alegia, anti-kontzertuetan). Denei buruz aritu gara komunikabideak. Konparatu dugu "normaltasun berria" deitzen dioten egoera hau lehengo normaltasun ez osotoro normalagoarekin, diferentziak azpimarratu ditugu eta hipotesiak argitaratu, aurreko egoeraren antza izango duen zerbait noiz iritsiko den, baldin eta noizbait iristen bada.

Oso arreta gutxi eskaintzen ari gara, ordea, artista famatuak bizitzen ari diren egoera dramatikoari. Miguel Bosé musikari espainiarra izan zen seinale kezkagarriak emititu zituen lehenbizikoa, Twitter bidez teoria bandido samar bat zabaldu baitzuen: COVID-19aren agerpena Bill Gatesen asmakizun bat dela.

Ez genion jaramonik egin, eta haren atzetik etorri dira azken hilabeteetako denbora librean epidemiologiako CCC ikastaroa egin duten beste hainbat artista. Ortiz de Landazuri'tar Endrike izan da azkenekoetako bat: "Enrique Bunbury" ezizenez ezagunagoa den abeslari honek ere Bill Gates seinalatu du denaren errudun gisa, erakutsiz gauza bat dela zure burua isiltasunaren heroi gisa aurkeztea eta beste bat, oso diferentea, isilik geratzen jakitea.

Ez da fenomeno espainiarra bakarrik: Juliette Binoche aktore franziarrak ere bat egin du hipotesi bonbastiko horrekin; baita (eta honek bereziki min egiten dit), Carlos Villagrán aktore mexikarrak ere, "El Chavo del 8" telesailean Quicoren pertsonaia jokatzen zuen nire nerabezaro aurreko erreferenteetako batek.

"Bill Gates hipotesi" honek ez digu esango birusaren jatorria non dagoen. Segur aski ez. Ez, seguru ezetz. Baina gauza bat enpirikoki frogatzeko balio izan du: famatuek droga suministro erregularrik gabe denbora tarte mugatu batez bakarrik izaun dezaketela euren buruak joare zahar batzuen soinua egin gabe. Denbora tarte hori pasata, bitako bat: edo ganbeluak kaka ona pasatzen die abstinentzia aldia konpentsatzeko; edo, aipatutako kasuetan bezala, edozer gauza txiokatzen hasteko gauza dira.
 
Eta sare sozialetan zenbat jarraitzaile dituzten kontuan izanda, ondorioak aurreikusten zailak dira.


Horregatik, Euskalerria Irratiak eskaintzen didan tarte honetatik, dei bat egin diet munduko gobernari guztiei: mesedez, jarri behar diren baliabide publikoak zuen herrialdeetako famatuak drogatuta mantentzeko. Sukaldeko irinik falta ez zaienean iritzi publikoa askoz ere gauza zibilizatuagoa da eta horrek denoi egiten digu mesede, bakoitzaren arraza, klase soziala eta generoa zeinahi dela ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!