Irudipena daukat euskal hedabideetan oihartzun txiki samarra izan duela joan den astean Europako Batzordeak egindako iragarpenak. Bai, badakit, askotan koman egoteak abentura zirraragarria ematen du Europar Batasuneko albisteak irakurtzearekin konparatuta; baina gustatu edo ez, Brusela alde horretan erabakitzen denak eragin zuzena izaten du gure bizitzeko moduan, eta beraz, komeni da begi bat han jarrita edukitzea.
COVID-19a ekonomian eragiten ari den triskanatzari aurre egiteko, dimentsio erraldoieko plan ekonomikoak iragarri ditu Europako Batzordeak. Iragarritakoa bere horretan beteko balitz, Espainiako Estatuak diru-iturri handi eta seguru samarra edukiko luke, baita bere ekonomia-eredua goitik behera aldatzeko misioa ere. Eta betiko dilema, noski: nola banatu pastela.
Euskal alderdiek egon nahiko dute diru-banaketa erabakiko den mahaian. Azken hilabeteetako mugimenduek erakusten dute ongi baliatzen ari direla Sanchezen gobernuak daukan kanpo babesen premia Madrildik zakua beteta itzultzen saiatzeko.
Hori bai, Europako sosen kasuan, kontuan izan behar da Madrilek jasoko dituela eta Madrildik erabakiko dela nola banatu. Alegia, Hego Euskal Herria lehen dependentzia egoeran bazegoen, are dependienteagoa izango dela plan ekonomiko horiek martxan jartzean. Eta are zailagoa izango dela proiektu independentista bat planteatzea, abertzaleetan abertzaleenetako asko ere ez bailirateke prest egongo Europako errekuperazio planetatik kanpo geratzeko.
Kontu hau guztia realpolitik txapa bat besterik ez dela pentsa dezakezu eta, kasu horretan, pilula urdina hartzea gomendatzen dizut: zure ohean esnatuko zara eta sinetsi nahi duzuna sinetsiko duzu.
Aldiz, pilula gorria hartzea erabakitzen baduzu, sator-zuloaren amaieran ikusiko duzu posibleena dela datozen urteetan hemengo politika instituzionala eskuineko neoforalisten eta ezkerreko neoforalisten artean banatzea, gero bakoitzak bere erretorika eta propagandarekin beste zerbaitetan ari dela ulertarazi nahiko badu ere.
Epika gutxirako geratzen ari da kontu nazionala. Horregatik jo dute epika-zaleek, beharbada, beste politizazio-eremu batzuetara.