Iraganeko geroaldia

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko mai. 25a, 12:17

Ez dut ezer berririk esango Patxi Ruiz Txantreako presoak bizi duen egoera kartzela politika kriminal baten ondorioa dela baieztatzen badut. Norbait kartzela barrura sartzea, funtsean, agintea pertsona horren gainean ahalik eta intentsitate handienarekin ezartzeko metodo bat da, Foucaultek 'Zelatatu eta zigortu' saiakeran esplikatu zuen moduan. Gehitu horri etxetik ahalik eta urrunen giltzapetuta edukitzeko erabaki politikoa eta Espainiako espetxe-sistemak euskal presoei ezartzen dizkien beste mila zitalkeria: bortizkeria estrukturalak probokatutako du Ruizen gose eta egarri greba, eta biolentzia hori hoztasun administratiboz gauzatzeak ez dio indarkeria izpirik kentzen.

Ez da deus berririk, ezta ere, presoak bizi duen egoeraren aurka alderdi politikoen egoitzetan egindako pintaketetan, ezta pintaketa horiek imajinario kolektiboan berpiztu dituzten mamuetan, ezta horien harira azken egunetan ikusi dugun merkataritza alderdikoian ere. Ezer berririk ez: horrelako ekintzen aurrean "kondena" hitza erabiltzeari uko eginez, zenbait ordezkari politikok hamar, hamabost edo hogei urte atzera eraman gaituzte –beraien koalizioak ETAren indarkeria esplizituki kondenatzen ez zuen garai batera, alegia–, demostratuz gauza bat dela estrategia politikoa aldatzea eta beste bat, oso diferentea, kultura politiko berri bat sortzeko gai izatea –nire buruari galdetzen diot talde armatu bat desegitera eraman zuen prozesuan zer debate itxi ziren okerreko giltzaz, "kondena" bezalako hitz fetitxe baten aurrean hainbeste jende eskuliburu zaharren bila korrika ateratzeko–.

Ezer berririk ez. Edo agian bai, deus ez baita inoiz lehen bezala itzultzen: beste politizazio forma batzuek protagonismoa hartu duten garai batean, koronabirusaren eskutik mundua astintzera doan krisi berriaren atarian, badirudi askok aukeratu duten aditz forma iraganaren geroaldia dela: zenbat jendek berreskuratu nahi dituen gatazka armatuaren garaiko posizio zalantzagabeak, dudaz beteriko etorkizun honi aurre egiteko helduleku izan daitezen. Ez genuke preso baten hil ala biziko egoera erabili beharko gure ezintasun politikoak kanalizatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!