Derrigortutako konfinamendu egoera honek gauza asko errebisatzea eskatuko digu eta ez bakarrik maila publikoan. Etxetik atera gabeko hiruzpalau egun nahikoa dira jabetzeko beste egoera batean normal-normal edukiko genituzkeen jarrerak orain ordainezinezko luxu bihurtu direla. Gure parekoekin maiz izaten ditugun exigentziazko jarrerak, adibidez: lagun, bikotekide edo senideez normalean espero dezakeguna ere berrogeialdian sartu da, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Ulertu beharko genuke hemendik aurrera agertuko dela jendea prest dagoena daukana baino gehiago emateko; baina baita ere, egoera honek gaindituta gure espektatibetara iritsiko ez den pertsona asko ikusiko dugula inguruan. Lehenbizikoei eskertzen dieguna bezainbeste barkatu beharko diegu bigarrengoei.
Preso egon den norbaitekin pixka bat hitz egin duen edonork daki bakartuta egoteak pertsona batengan nolako ondorioak izan ditzakeen eta oraindik luze joko duen egoera honi aurre egiteko estrategiak garatu beharko ditugu: gertuko distantziak kudeatu, autodiziplina landu, hitz egiteko modu ahalik eta eraikitzaileenak edukitzen saiatu. Eta laguntzeko prest egon. Baita, behar izanez gero laguntza eskatzeko ere. Zaindu dezagun garen inperfekzio hau.