Historiaren epaia gainera etortzen zaienean ezingo dute esan ez zekitenik ere, aurrekariak bazeudelako: Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidente kargura eraman zuen kanpainan eskuin muturreko taldeak agertzen hasi zirenean, batek baino gehiagok kritikatu zuen hedabideak nola aritu ziren horrelako samaldak zuritzen. Faxismoarekin bat egiten zuten diskurtso, jarrera eta ekintzak gorabehera, talde ultra horiei "faxista" deitu ordez sekulako itzulinguruak eman zituzten medio nagusiek, batzuetan nazi kuadrilla horiexek beren buruaren marketina egiteko asmaturiko izen moloiak gizarteratzen lagunduz, "alt-right" izena, adibidez.
Europa zaharrean bide beretik goazela dirudi. Asteburu honetan faxista batzuek eraso egin diete Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideei Lesbos uhartean. Ekintzaren larritasuna batere gutxitu gabe, oso deigarria egin zait medio askok nola informatu duten hari buruz, titularretan "faxista" hitza komatxo artean jarriz –tartean, itxuraz behintzat, giza eskubideak zer diren ba omen dakiten euskal hedabide batzuek–. Ez dira halako prekauzioak hartzen beste kolektibo batzuekin, beste denekin soberan daude komatxoak eta dena pasatzen da kritika politiko legitimotzat. Eta horren ondorioz, gaur egun, errazagoa da hedabide handietan "nazi" hitza lotuta ikustea ezkerreko jendeari, feministei edo independentistei, benetako naziei baino.
Zenbait medioren kasuan, pentsatu nahi dut atzean dagoela ez sinetsi nahia, ezin onartua Europa osoan berriz ere pizten ari direla joan den mendeko desastrerik handienak probokatu zituzten fenomenoak. Beste kazetari batzuen kasuan, ordea, ez dut halako xalotasunik ikusten. Faxistak dira, eta komatxorik gabe.