Las Gaunasen sartutako gol batek bezala saltatu du sorpresak prentsa politikoko titularretara: Carlos Iturgaiz izango da PP eta Ciudadanosen zerrendaburua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apirilean egingo diren hauteskundeetan.
Beharbada DBHko ikasleek ez dute jakingo nor den Iturgaiz, azken finean 2004. urtetik ez da politikaren lehen lerroan egon. Baitezpadakoa da, hortaz, gazte horiei ongi esplikatzea Iturgaiz nor den, Wikipediak ez baitu guztiz islatzen Santurtziko Abraham Lincoln honen espiritua.
Eskuin espainolistaren ordezkaria izateko tipo, nola esan, heterodoxoa izan da: Euskal Herria zazpi probintziaz osaturik dagoela adierazi zion Imanol Murua Uriari behin Euskaldunon Egunkarian. Elkarrizketa berean zioenez, bere kuadrillako gehienek ez zioten botorik ematen. Eta hala ere, hau ez da broma, PPk Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz lortu dituen emaitzarik onenetakoak lortu zituen behinola.
Hernaniko taberna bateko komunean idatzita zegoen gaztelaniazko txiste itzulezin batek laburbildu zuen akaso hoberen haren ibilbidea: "Iturgaiz toca el acordeón de oído y el botón de Oreja". Sintesi gaitasun handiagorik nekez, esaldi bakarrean biltzen baitu politikan sartu aurretik Iturgaizi ezagutzen zitzaion ofizio bakarra eta aberriaren deia entzun ondoren herri honetako politikari egindako ekarpen nagusi, erabakigarri eta errepikaezina: Jaime Mayor Oreja alderdikidearen parlamentuko botoia sakatzea, hura Legebiltzarrean ez zegoen arren eta, beraz, tranpa egiten ari zen arren. Ukondoarekin nahi gabe ukitu zuela esan zuen lehenbizi, baina azioa bideoan grabatuta zegoen, klarki ikusten zen atzamarrez sakatu zuela. "Jolasten eta enredando" egin zuela esplikatu zuen, inork ez zion sinetsi bere arma bakarra dela akordeoia, hauspoari eraginez dirudiela lehoia.
Episodio horren ondotik defenestratua, lehendabizi Europara desterratua eta gero zerrendetan beheititua hautaezina bilakatu arte, politika utziko zuela iragarri zuen. Baina Iturgaizek balio du gauza publikoan aritzeko edo, tira, agian ez du beste ezertarako balio. Kontua da bueltan dela, inauteriak ere urtero bueltatzen diren bezala, eta duela hogei urte Iturgaiz Barre Busaren sinonimo politikoa bazen, berriz lehendakarigai den honetan, Irrien Lagunak klubeko presidentzia behintzat irabazia dauka. Aspergarria zirudien hauteskunde kanpaina baskongadoak. Orain hasteko irrikitan nago.