2020. urtean gaude eta oraindik Espainiako zinemaren Goya sari bat jasotzean norbaitek katalanez, galizieraz edo euskaraz hitz egiten badu, kontuak ematen du albisteak egiteko –hedabideek edizio digitalak dituztenetik oso merke dago titularretan agertzea, hori ere egia da, baina ez dio sintomatikoa izateari uzten–.
Eskuin espainiarrak ez du inoiz oso gustuko izan asteburu honetako gala, ezta Espainian egiten den zinema ere: ezkerrekoegi, aldarrikatzaileegi, perfil baxua erakusten duenean ere progreegi –gutxi gorabehera euskal eskuinari gure hizkuntzan egiten den kulturaren zati handi batekin gertatzen zaion gauza bera da, portzierto–. Eta gainera orain beraien hizkuntza horietan. Gehiegizkoa egiten zaie.
Asuntoa da, Beltzebu haserretu arren, Goya sariak ez direla inoiz izango direna baino gehiago ere: esan daitekeena eta saritu daitekeena programa nahiko zehatz baten arabera mugatuta egongo da ia beti. 'Handia' pelikularen iazko salbuespenaren ondoren, esango nuke aurten metro eta laurogei inguruko neurrira itzuli garela, gaztelaniazko hankapalo eta guzti. Beste leku batzuetan egin behar genioke gure zinemari aitortza.