Olga Tokarczuk literaturako Nobel saridunari egindako elkarrizketa entzuten ari nintzen irratian, oso atsegina ez zaidan formatu batean: idazlea polonieraz ari zen eta itzultzaile batek momentuan bertan aldatzen zituen haren esanak uler nezakeen hizkuntza batera. Aspaldian korapilatuta daukagun kontu terminologiko bat behin betiko ebatzi ahal izan nuen, ordea, elkarrizketa horrela entzuteari esker.
Polonian giro ofizialetik aparte ibili izan dela esplikatzen ari zen Tokarczuk, baina polonieraz deus ulertzen ez dudan arren, hitz bat bereizi ahal izan nuen haren jardunetik, ingelesetik hartua delako: "mainstream". Itzultzaileak berehala eman zuen hitzaren ordaina: "korronte nagusia".
Hara hor, itzulpenak obratutako magiaren bidez, gure artean eztabaida antzu asko eragiten dituen kontu bat nola artxibatu behin betiko: hemendik aurrera euskal kulturako fenomenoren bat "mainstream" izendatu ordez –hitzak dauzkan konnotazioak ez baitira zenbait artistaren gustukoak–, euskal kulturaren "korronte nagusiei" buruz hitz egingo dugu, inork ezin baitu ukatu gure kulturan, beste edozeinetan bezala, halakoak existitzen direnik –ezta beharrezkoak direnik ere, jakina–. Eta inork ezin du ukatu, gaiari buruz dagoen bibliografia zabalaren aurka eginez ez bada behintzat, korronte nagusi horren konposizioa beti dela auzi gatazkatsua eta, beraz, debatea eskatzen duela; are gehiago, kultura subalterno baten kasuan.
Ea ba, hortaz, hasi berri dugun hamarkada honetan gai garen behar ditugun eztabaida horiek edukitzeko. Denon onerako izango dela uste dut.