Ustelak erdia uste

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2020ko urt. 13a, 12:43

Barre dezente egin nuen duela hilabete batzuk Loquillori El Mundo egunkarian egindako elkarrizketa batekin. Tira, elkarrizketarekin baino, titularrarekin, ez bainintzen hortik aurrerago joan. Hau zioen bere buruaz baritono kankailuak: "Ni naiz seinalatua, gantzutua, hitzaren eramailea. Geratzen dena naiz: azken klasikoa".

Kazetaritza kulturala egiten dugunok nahi genukeena baino gehiagotan egiten dugu topo erreka horretako korrokoiekin: beraien burua estimu handiegian duten sortzaileak.

Eta a zer galbana, aizue.

Haietako askok, gainera, kaltea besterik ez diote egiten produzitu duten artelanari, handiegi geratzen zaizkien erreferenteekin konparatzen dutelako beraiena eta, noski, alderaketa horrek sortzen dituen espektatibak lasto sua bezain azkar kontsumitzen dira.

Baina gintza honetan ere badira benetako profesionalak, gai direnak beraien pizza saltzeko Arzakeneko platera bailitzan; eta konturatzen zara urtea joan, urtea etorri, publikoak sortzaile handitzat dauzkala, beraiek beren burua sortzaile handien artean jartzeaz aparteko meriturik ezagutzen ez zaien arren.

Tira, ez da egia: ezer berezirik egin gabe autopertzepzioa hain altu edukitzea bera, sekulako meritua iruditzen zait. Esaera zaharrak aldatzeko premia eragitea ere zor diegu, gainera: "Usteak erdia ustel" zioen lekuan, "ustelak erdia uste" esan genezake espiritu garaikidea besarkatuz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!