Liburuei buruzko txio-kateak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko aza. 18a, 12:30

Bi aldiz iritsi zait dagoeneko Twitterretik erronka batean parte hartzeko gonbidapena. Testuak honela dio: "Gustatzen zaizkidan zazpi libururen azalak zabalduko ditut. Azalpenik ez, oharrik ez. Liburu bat igotzen dudan bakoitzean norbaiti gonbita luzatuko diot". Atzetik dator gauza bera egiteko eskaintza.

Ez dut erronka onartzeko asmorik.

Pentsa dezakezue Ozpindegi baserrian hazitakoa naizela, eta agian hala da, baina nire jarrerari buruzko esplikazioak eman nahi nituzke eskumikatua izan baino lehen: kontua da, ikusten dizkiodala ekimenari alde txalogarriak, jendea irakurtzen dituen liburuez aritzea adibidez. Baina ariketa formulatua dagoen moduak gauza nahiko hutsala bihurtzen du: ez zait gehiegi interesatzen jarraitzen dudan jendeari zer liburu gustatzen zaizkion, interesatzen zait zergatik gustatzen zaizkion liburu horiek, baina txio-kateak eskatzen du inolako azalpenik ez eranstea. Eta horren ondorioz, dena inbaditzen duen "atsegin dut"-aren logika nagusitzen da, ez gustuen inguruko elkarrizketa, literaturara zaletzeko hain beharrezkoa dena.

Beti bezala, alternatibak badaude: Mastodon sare sozial libre eta banatuan @elegose izeneko irakurle taldea sortu dute eta hor bai, irakurleak ikusten ditut liburuen inguruko hartu-eman eraikitzailean. Kasualitatea ote da sare sozial ez-komertzial bat izatea horrelako zerbait funtzionarazten duena?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!