Musika "borroka"

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko aza. 4a, 12:15

Lekua: Iruñeko Katakrak. Ordua: goizeko hamaikak. Testuingurua: musika talde oso interesgarri bateko bi kideri elkarrizketa.

Ari gara kanta honetaz eta hartaz, labetik atera duten azken diskoaren ekoizpen prozesuaz eta halako batean kontzertuen gaia ukitu dugu. Eta komentatzea merezi duen gauza bat dio taldeko abeslarietako batek. Ez kontu berria delako, baizik eta 2019. urtean oraindik horrela jarraitzen dugulako. Laburbilduz: musikariak dio zaila dela Iruñeko zenbait musikazale beraien kontzertuetara joatea, euskaraz egiten dutelako. Egiaztatuta dauka, euskaraz kantatzen ez duen beste talde batean ere aritzen delako. Euskarazko guztia "borroka" omen da: aurreiritzi horrek indarrean jarraitzen du Hiri Buruzagiko jende kultureta jakin baten artean.

Nire kolkorako diot, ez dela Iruñean bakarrik gertatzen den zerbait. Badirudi bi musikazale mota ibiltzen direla Hego Euskal Herriko kontzertuetan, euskaldunak ere badirenak eta erdaldun hutsak: taldea atzerritarra bada –normalean ingelesez kantatzen duena– bi publikoek bat egin dezakete. Baina kontzertua euskaraz bada, erdaldunen saldoan baja gehiago dago Stalingradon baino.

Eta gainera, ia sistematikoki hemengo musikaren parte handi bati ezikusiarena egiten dioten horiek dira beren burua unibertsaltzat dutenak. Mundu oso aldrebesean bizi gara. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!