Barrikadek beste zerbait eskatzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko urr. 21a, 12:16

Bartzelonan pasa den astean poliziari harri-tiraka aritu diren gazteen irudiak ikusi eta adin batetik gorako euskaldun jatorrek berehala aurkitu dute esplikazioa: "Poliziaren infiltratuak dira, ezin dute benetako katalan independentistak izan".

Ez dakit bizi izan genuen urtetako gatazkaren indarkeria erritualizatuak kontzientzia txarra utzi ote digun edo zuzenean errealitateari uko egitea erabaki dugun –badaukagu esperientzia pixka bat horretan ere–. Dakidana da ez dagoela infiltratu nahikorik ikusi ditugunak bezalako istiluak probokatzeko. Jende gehiegik parte hartu du, imajinak benetakoegiak dira elementu arrotzek fabrikatuak izateko. Onar dezaket infiltratu batzuk ibiliko zirela, eztabaidatu dezakegu nork jo zuen lehenengo –eta ados egongo gara gehienetan polizia izan dela–, baina ukaezina da gazte katalanen belaunaldi berri batek mezu bat helarazi nahi izan diela ez bakarrik Espainiako Estatuari, baita independentismoaren ordezkari politikoei ere. Enpo egin dutela, ez daukatela asmorik beste masaila jartzen jarraitzeko. Oholtzan ez dagoen zerbait eskatzen dutela.

Via Laietanako barrikadei darien keak usain berezia dauka: ordezkaritza-krisi bat piztutzera doa Kataluniako zeru gainean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!