Ikusi dituzue gerren simulazioak egiten dituzten Twitterreko bot horiek? Algoritmo baten bidez, herrialde batzuek besteak nola konkistatzen dituzten kontatzen dizute, egoera nahiko irrealak sortuz. Une honetan, adibidez, Amerikako Estatu Batuak El Salvadorren menpe daude errealitate paralelo horretan.
Ez nau harritzen horrelako zerbaitek arrakasta eduki izana kazetariek gehien maite duten sare sozialean, izan ere, erredakzio epeletik nazioarteko gatazkak aztertzen hasten garenean, badirudi gauzak Risk-eko partida bat bezala interpretatzen enpeinatzen garela, elkar hiltzen ari diren bi bandoetako bati aldez aurretik aitortuz arrazoia daukala; eta posizio hori defendatzeko gertakariak espresuki bilatuz, errealitatearen interpretazio zabalago bat bilatu beharrean.
Philip Rothek 'Komunista batekin ezkondu nintzen' eleberrian esaten zuen moduan, politika da orokortzailerik handiena eta literatura da ñabarduragile handiena. Eta akaso hor dago auzi honen iltzea: informatzaile gehienek sarriago irakurtzen ditugula propaganda politikoz beteriko testuak, sinplekerian eta orokorkerian erortzetik babestuko gintuzketen literatur lanak baino.
Alegia, literaturak ez digula kazetarioi balio bakarrik idazteko estilo hobea edukitzeko, gauzak beste maila batzuetan pentsatzeko ere ezinbestekoa zaigula. Kazetarioi eta beste guztiei, noski.