Sergio del Molinoren "La España vacía" liburuak zeresana eman du azken urteotan, lehen lerrora ekarri duelako bazter batean utzi nahi izan den errealitatea: probintzietako herri txikietatik hiri handietara joan behar izan duten milaka herritarren historia. Jendea eta jendea eta jendea, beren sustraietatik erauzita, lekuz kanpo, ez hiriko, ez herriko. Inongo ez.
Del Molinok aipatzen du deserrotutako pertsona horien urratsak urtetan Madrilgo edo Zaragozako edo Bartzelonako kaleetan ibiltzen ohitu zirela, beraien buruetan jaio ziren herrietako karrikak ibiltzen zituzten arren. Nire familia-bazkarietako solasaldiez akordatu naiz: gurasoek eta osaba-izebek nola hitz egin izan duten beraiek bezain kaletartuta zegoen jendeaz haien jaiotetxeak izandako baserrien izenak aipatuz, Gabriel García Márquezen "Cien años de soledad"-eko saga familiar ezinezkoen antzeko koadroak osatuz.
Euskal Herriko kaletartze prozesua akaso ez da Espainiakoaren berdina, baina hala ere, ez da ariketa txarra bi belaunaldi atzera egitea, gure senideak non bizi ziren ikusteko. Deserrotze batzuek arrastoa uzten dute ondorengoengan, haien iruditerian, ikuspegi politikoetan eta hizkuntza-ohituretan. Euskaldun batzuen auto-gorrotorako joera, euskalkiei diegun atxikimendua edo gauza modernoetarako erdarara jotzea, akaso, kaletartze traumatiko horren argitan beste era batera ulertzen dira.