Chris Marker zinegileak "Le souvenir d'un avenir" pelikulan erakutsi zuen, Denis Bellon argazkilariaren irudien bitartez, II. Mundu Gerra aurreko argazkiek nola iragartzen zuten etortzear zen desastrea. Arreta deitzen du historiako sarraskirik handienerako prestatzen ari zen Frantzia hartan, zer obsesio zeukaten gas-maskarekin, aurreikusten zuten gatazka izango balitz bezala Gerla Handiaren errepikapen huts bat eta ez benetan etorri zena: teknologian asko aurreratu zuen mundu batek martxan jarri zezakeen herio fabrika hura, topera lanean.
Sarritan daukat sentsazioa frantses haien antzeko zerbait egiten ari garela. Gaur egungo problemei eta bihar etorriko zaizkigunei erantzuteko, pasa diren batailetan baliagarriak izan zitzaizkigun tresnak ateratzen ditugu kutxatik, gertatzear dena jada gertatu denaren erreplika izango dela pentsatuz-edo; eta ez zerbait berria, garaiko baldintzek eta pertsonek probokatua.
Desaktualizazio horrek ondorio oso gogorrak izan ditzake. Ukronia batean bizitzea bake garaietarako luxu bat dela iruditzen zait. E ta nor bizi da bakean gaur egun?
--