Aho-bakartasunaren basamortua

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko mai. 13a, 12:34

Behin eztabaida bat eduki nuen tipo batekin. Bueno, egia esan, eztabaidak askotan izaten ditut, baina gaur kontatu nahi dudan hura ez nuen oso ondo ulertu zenbait urte pasa arte. Denbora behar izan dut eta orduko solaskidearen beste agerraldi batzuk ikusi, konturatzeko zein den haren pentsatzeko modua –pentsatzekoa, edo–.

Zertaz jardun genuen ez da bereziki inportantea, eduki genuen ika-mika berdin-berdin piztuko zen Osasunaren hamaikakoari buruzko eztabaida batean. Eta berdin-berdin harrituko nintzen tipoaren argudio-lerro nagusiarekin, nire iritziaren okerraz konbentzitzeko erabili zuen ezpata zorrotzena izan baitzen bere postura defendatzen zuten pertsona guztiak zerrendatzea. Jende askok iritzi bat konpartitzea nahikoa motibo iruditzen zitzaion frogatutzat emateko berak zeukala arrazoia.

Urteak pasa behar izan dira, Isiltasunaren Kiribilaren teoria berreskuratu behar izan dut karrerako apunteetatik, zeinak esplikatzen duen jendeak bere iritzia gordetzeko joera daukala, pentsatzen badu gehiengoaren iritziaren bestelakoa dela. Taldearen presioak beldurra ematen du. Eta nik ulertu dut, berandu, baina ulertu dut, tipoa debate hartan egiten ari zena: funtsean, uzkurrarazi egin nahi ninduen, nireari eutsiz gero marjinatuta geratuko nintzela adierazi.

Aho-bakartasuna defendatzen duen jendearekin kontuz ibili behar genuke: prime-timean basamortu intelektual bat ereiten ikusiko dituzu gutxien espero duzunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!