Behin kontatu zidaten korronte piktoriko inpresionista miope batek sortu zuela, horregatik eragiten dutela haien koadroek efektu bitxi hori, urruntzean definizioan irabaziz eta gerturatzean berriz, isipu-kolpeak nabarmenduz –ez dut inoiz Googlen bilatu egia ote den; eta honezkero ez dut egingo, gaiaz hizketan hasi naizenez–. Etxeko pasilloan geneukan Moneten erreplika bati esker ikasi nuen zein garrantzitsua den gauzei distantzia egokitik begiratzea. Eta distantzia egoki hori da gaur egungo bizimoduan gehien faltan botatzen dudana.
Gertuegi gaude.
12 megapixeleko kamerak dauzkagu telefono mugikorrean, hainbeste detaile harrapatzen dituztenak, orain arte nire buruari ezagutzen ez nizkion zimurrak ikusten hasi naizela, behar ez luketen lekuan ateratzen zaizkidan ileak, hortzak garbitu bitartean pasatzen dudan eskaner azkarrean eskapatzen zaizkidan puntu beltzak –izan ere, inpresionismoaren sortzaileak ez dakit, baina ni bai, miopea naiz eta orain arte horrek salbatzen ninduen horiek ikusteaz–.
Argazkiekin bezala gertatzen da jardun publikoa duen jendearekin ere. Gertuegi gaudela. Lehen lasai asko miretsi zenezakeen periodikoko zutabegilearen jenialtasuna, bizpahiru urtean behin publikatzen zuen idazlearen esku trebea, masak altxatzen zituen lider politikoaren oratoria. Orain berriz, beroaldi batean Twitterren isuri dituzten komentario inozoak, bertxio zalantzagarriak eta sortzen dituzten debaldeko eztabaidak ere ikusten dizkiezu. Eta horrela ezin da ezer miretsi.
Asko faltesten dut Moneten koadro haren erreplika, gure etxea zen leku hartako pasilloan.
--