Ni baino abertzaleagoa den lagun batek txio bati "atsegin dut" eman dio. Marino Lejarreta agertzen da 80ko hamarkadako irudi batean eta publikatu duenak, ingelesezko testuan, "ziklista espainiarra" dela dio. Beste lagun batek, bere burua antifaxistatzat daukanak, Whatsapp bidez bidali dit nazi batek Zeelanda Berriko meskita baten kontra egindako atentatuaren bideoa.
Detaileak dira. Keinuak. Mikropolitika. Politikatzat jotzen ez dugun politika: badira zaletasunak, aipatu dudan lehenbiziko lagunaren kasuan ziklismoa bezala, ustez errotuagoak dauden identitateen aurretik jar ditzakegunak. Eta badira kontsumo kulturalak hain adiktiboak izan daitezkeenak, ezen analisi minimo bat egin gabe barneratu daitezkeen: aipatu dudan bigarren laguna adibidez, irudi ultrabiolentoen kontsumitzailea da eta ez zuen uste bideo hori zabalduz faxistei propaganda egiten zienik.
Egunero horrelako gauzak ikusten ditudanean mundua galbidean dela pentsatzen hasten naiz. Hauteskunde hauetako emaitzak, beraz, kasik kontsolagarriak izan dira.