Marina Garcesek paradoxa bat nabarmendu zuen duela urte pare bat publikatu zuen saiakera labur batean: "Dena dakigu, baina ezin dugu ezer egin". Filosofo kataluniarrak esaldi labur bezain zehatz horrekin ederki azpimarratzen du nire ustez inoizko ikasketa-maila altuena daukan belaunaldi baten ezintasun politikoa. Beharbada inoiz ez genuen hainbeste bitarteko eduki jasaten ditugun askotariko zapalkuntzak identifikatzeko, sistemak probokatzen dituen injustiziak salatzeko eta haiei buruz gogoeta egiteko.
Zerbait aldatu nahi duenak ezinbestekoa du zer aldatu nahi duen jakiteko burua martxan jartzea, noski. Baina hori bezain garrantzitsua da zerbait egitea, praktika politikoek erakusten baitituzte, gehienetan, formulazio teoriko borobilenen mugak.
Zer egin beharko litzatekeen esatera mugatzen den pentsamendu eraldatzailea, zerbait aldatzen saiatzen direnen bizipenekin kontrastatzen ez dena, niretzat pentsamendu hila da. Eta irudipena daukat azken urteetan herri honetako ekoizpen intelektualaren balantzea egingo balitz, mota horretako pentsamenduaren superabita agertuko litzaigukeela grafikoan. Jende gehiegi gaude atzeko eserlekuetatik gidatzen eta horrela, orain edo gero, istripua segurua da.