40 urteko diktadura bat oso-osorik irentsi izanak eta propina gisa beste 40 urterako jaso genuen 78ko erregimenak ondorio tamalgarriak utzi dizkio bizi garen herri honi. Tartean, fundamentuzko kultura humanista bat ez garatu izana. Gabezia horren ondorioz, euskaldunon posizio partikularra unibertsalizatzen saiatzen garenean, planteamendu sinplistek merezi dutena baino leku handiagoa hartzen dute.
Sekulako problema daukagu, adibidez, konturatzeko gure antzeko egoeran egon daitezkeen herriekin problema amankomunak eduki ditzakegula, baina horrek ez duela esan nahi derrigorrez problema berdinak ditugunik. Amankomuna eta berdina bi gauza diferente dira. Eta ñabardura hori kontuan hartzen ez duen pertsona batek lasai asko esan ditzake kalibre lodiko astakeriak, adibidez euskal haur eta gazteak bizi direla sahararrak edo palestinarrak bezalako okupazio baldintzetan; edo gauza bera direla Espainiaren eta Frantziaren menpe bizi diren euskaldunak eta Estatu Batuetako beltzak.
Oso-oso konbentzituen autokontsumorako konparazio horiekin luzaroan entretenitu gaitezke, noski. Egoskorrak ere entretenitzen dira pieza karratua zulo borobilean indarka sartu nahian.