Walter Benjamin eta tatuajeak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2019ko ots. 25a, 12:56

Larunbateko egunkari batean irakurri dut notizia inozo samar hau: gizon kolonbiar batek bere seme jaioberriaren izena tatuatu du bizkarrean eta handik hilabetera, bikotearen telefonoko mezuak espiatzen hasi denean, jakin du haurra beste batena dela.

Anekdotikoa dirudien arren, albisteak zer pentsatu eman behar liguke bizi dugun garaiko pauta kultural batzuez. Ondokoaren mezuak espiatzearen kontua, adibidez: besteen pribatutasunak balio al du zerbait kapitalismo digital berriaren zutabeetako bat, hain zuzen, gure datu pribatuak direnean? Eta zer esan inportanteak diren gauzak tatuatzeko tendentzia horretaz: gauzak azalean idazteak iraunkorrago egingo dituela uste dugu, ezerk irauten ez duen garaiotan?

Tira, azkeneko hori ez da guztiz egia. Berea ez den haur horren izena Benjamin da. Semerik ez daukan aitak, hortaz, posible du tatuajea moldatzea, aurretik Walter izena tatuatuz eta atzetik zita hau: "Ez dago kultura-dokumenturik, ez dena, aldi berean, basakeriaren dokumentu bat". Esaldi horrek bai, betirako iraungo du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!