Oso elkarrizketa interesgarria egin dio Ariane Kamio kazetariak igandeko Garan Joseba Sarrionandiari, honek argitaratu duen azken liburuaren harira. Iurretako idazlearen esaldi azpimarragarri ugarien artean, gorde beharreko ideien karpetan honako hau sartu dut: "Euskaldunen arazo larria ez da independentzia lortzea, ez ze alderdik irabaziko dituen hurrengo hauteskundeak. Arazo larria euskal kultura komun anitza sortzea da".
Kontu horrekin lotura daukan gauza bat deigarria egiten zait: urte askoan herri honetako politika "benetako gauzen" eremua izan da eta, kultura berriz, gutxietsitako esparru bat. Orain aldiz, alderdien politikarekin kezka daukan edonor hizketan entzuten duzu eta semiologian master bat egiteko premia sentitzen hasten zara, hain konplexua bihurtu baita asuntua dena adierazpen, dena adierazle eta dena adierazkeria bihurtu den aro politiko berrian. Bref: partiduen politika gauza kultural bat bihurtu da, kultura hitzaren esanahi aspergarrienean gainera, inolako berrikuntzarik ekartzen ez duen ikuskizun bihurtu baita –aurten izango ditugun hauteskundeetan konstatatuko dugu berriro–.
Eta niri behintzat, espektakuluaren politika horren aurrean, interesgarria iruditzen zait kulturari zentzu politikoa berriz ematen hastea.