Hiru buruko piztia ultraespainiarrak manifestazioa egin zuen atzo Madrilen eta asuntuari aurretik eman dioten txaranga mediatikoa kontuan izanda, espero baino jende gutxiago elkartu dute. Baina notizia guztiak ez dira onak detaileetan erreparatzen dakienarentzat: El País egunkariak txiokatu duen bideo bat burutik ezin kenduta ibili naiz azken orduetan. Colón plazaren plano orokor batekin hasten da, jendez erdi-beteta; gero erakusten ditu aurpegia ideologia baino okerrago daukaten manifestarien gertuagoko planoak; eta erretratu patetiko horri lagunduz, megafoniatik kanta bat, Supergrass taldearen Alright.
Grazia egin dit kontrasteak: abestiaren alaitasuna batetik; fatxa kuadrilla horren tristura bestetik. Baina gero, akordatu naiz kanta hori asko gustatu zitzaidala irratietan behin eta berriz jartzen zuten garaian, alegia, haurtzarotik nerabezarora pasatzen hasia nintzen adinean. Hipotesi beldurgarri bat hasi zait buruan bueltaka: agian pentsatzen dudana baino gauza gehiago dauzkadala amankomunean manifestazio horretako jendilajearekin. Baina agian ez da hori. Agian normal itxura eman nahi zuten eta horregatik eurenak ez diren erreferente kulturalak lotu nahi izan dituzte piperpotoekin.
Egitea zuten Cara al sol-en bertsio popero bat.