Post-Aiete garai hauen ezaugarrietako bat bihurtu da: dagoeneko Euskal Herria ez denez Espainiako Estatuak jasan ezin duen gaitz bat, gaur egun Kataluniak hartu duenez pisu hori bizkar gainean, euskaldunok bitxikeria sinpatiko gisa agertzen hasi gara hedabide espainiarretan. Esango nuke fenomenoaren momentu fundazionala "Ocho apellidos vascos" filma izan zela. Gero etorri dira andaluziarren eta euskaldunen klixez beteriko irudietan oinarritutako beste telesail batzuk, baita Gran Hermanoko bi finalista %100 basque haiek ere. Eta orain, antza denez, kultura maila jasoagoa duten espainiarrengana ere hedatu nahi dute indio zintzoen berri ona. Pixka bat harrituta nago azkenaldian gaztelaniazko periodiko eta argitaletxeek zenbait euskal idazleri eskaintzen dien arretarekin. Seguru nago horrek efektu positiboak ere izango dituela: zure bizilagunak, nireak bezala, ez zuen inoiz euskal idazle horren liburua esku artean hartuko organo legitimatzaile espainiar batek aipatu izan ez balu. Baina, bestalde, ez al da xelebre samarra kanpoko norbaitek gutaz lau lerro idatzi behar izatea, etxean aspalditik geneukana baloratu behar izateko? Xelebrea edo, akaso, nahiko tristea.