Kuadrilla

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2018ko abe. 17a, 12:56

Hiztegiak batzuetan sorpresa harrigarriak gordetzen ditu. "Kuadrilla" hitzaren definizioaren bila jo dut espainiar hizkuntzaren errege-akademiaren hiztegira, aspalditik neukan zalantza argitu nahian –zalantza tonto horietako bat da egia esan, igande arratsaldean bakarrik argitu nahi izaten duzuna, astegunak gauza inportanteetarako baitaude; zalantza tonto bat beraz: ea Kaikuren iragarkiak zioen moduan, desberdina den "kuadrilla"-ren esanahia euskaraz eta gaztelaniaz, telebistako esneki-markaren publizitatean gaztelaniazko "cuadrilla" zezenketei lotuta agertzen baita–.

Ba hiztegiak zortzigarren adieran jasotzen du esanahi hori, banderilleroek eta matadoreak osatutako taldearena. Baina aurretik definizio interesgarriak daude eta jabetu naiz, esanahi aldetik, euskaldunok kuadrillari ematen diogun zentzuaren antzekoagoak direla.

Adibidez, hirugarrena: "Kuadrilla: Ehizarako zakurren multzoa".

Bai, badakit, inork ez luke bere kuadrilla termino horietan irudikatuko. Zerbaitengatik baita bere kuadrilla: adiskide fidelen kapilla hori momentu zailenetan ere hor dago, zure alde hortzak erakusteko prest, zuk beste une batean beraiengatik erakutsiko dituzun moduan.

Euskal Herria kuadrillaz beteta dago, haginka egiteko prest dauden zakur taldez. Eta batzuetan badirudi geratzen diren bi aukera bakarrak direla 1) zakur horien harrapakin izan edo 2) zu ere samalda horietako batean sartzea.

Jogurten iragarki batek gauza oso sakonak aurkitzeko aukera ematen dizu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!