Joan den astean Wire taldearen kontzertu batean izan nintzen. 1970eko hamarkadaren amaieratik ari dira oholtzetan, punkaren hastapenetatik alegia, eta gerora Joy Division bezalako taldeek mundu osoan ezagun egin zuten post-punkaren aitzindarietakoak izan ziren. Kontzertua sekulako erakustaldia iruditu zitzaidan, hain ibilbide luzeko taldea izanda, demostratu zutelako posible dela beren buruaren parodia ez bihurtzea, kontzertua ez izatea betiko kanta zaharrekin osatutako errepertorio baten inguruan antolatzen den erromeria; eta, batez ere, argi utzi zutelako 20 urteko gazte askok egiten duten musika baino proposamen arriskatuagoa daukatela, gitarra, bateria eta baxuekin "bakarrik" aritzen diren arren.
Sarritan mainstream izatera iritsi den azken estiloan egindako edozer txalotzeko joera daukagu, berria delako bakarrik eta berritasun horrek, ustez, aurretik egindakoa gainditzen duelako. Eskerrak 60 urte baino gehiago dituzten musikari batzuk etxetik gertu dauzkagun aretoetatik pasatzen diren tarteka, demostratzeko etorkizuna, askotan, iraganean bilatu behar genukeela.