Nico Rost kazetari eta itzultzaile holandarrak eguneroko bat idatzi zuen Dachau-ko kontzentrazio-esparruan preso zegoenean. Testigantza itzela da, lehen eskutik ezagutu dezakezulako esterminio-gune baten barruan normaltasuna zer izatera iritsi daitekeen; baina batez ere, konturatzen zarelako jarduera intelektualak zenbat balio dezakeen faxisten hiltzeko makina horren aurrean. Etenik gabe irakurri eta idatzi zuen preso zegoen bitartean. Eskura zezakeen liburu bakoitzean sakontzen zuen, irakurketa horiek konpartitzen zituen beste presoekin, bizirik ateratzen bazen idatzi behar zituen lanak apuntatzen zituen, sakonago ezagutu nahi zituen autoreak zerrendatu. Eta ariketa horrek lagundu zion hiltegi hartan minutuero praktikatu behar izan zuen erresistentzian.
'Goethe Dachaun' liburuaren hasieran damutu egiten da, nazien aurka erresistentzia literarioan bakarrik jardun zuelako. Gertakariak ikusirik, argi dauka hori ez zela nahikoa. Baina inportantea izan zen, Rostetzat kulturak zeregin oso inportantea baitauka, ez bakarrik bere kontzientzia faxismotik askatzen duelako; baita eraiki nahi duen gizarte justuaren oinarrietako bat delako ere.
Konpara ezazu bizi dugunarekin: mundua aldatu nahi duten askorentzat ere, kultura apaingarri bat da, osagarri bat, entretenitzeko zerbait. Hazten ari den faxismo berriak pixka bat desarmatuago harrapatuko gaitu.