"Ni ez naute gehiago engainatuko"

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2018ko eka. 11a, 12:06

Miguel Beroiz ari da hizketan Jon Alonsoren 'Hodei berdeak' nobelako orrialdeetatik. Duela hamabost urtetik eskura eduki arren, asteburu honetara arte ez dut irakurri se-ku-la-koa iruditu zaidan eleberria: 1960ko hamarkada Iruñean, CIAko agente ohi bat, Munich-eko bilkura, ETAren lehen ekintzak, frankismoaren kontra zerbait egin nahi duten EAJko kideak. Haietako bat Miguel Beroiz, "ni ez naute gehiago engainatuko" esaten, zerbait egiten saiatzen zen bakoitzean partiduaren maniobrekin oztopo egin ondoren trantsizioko karta-banaketak erre-erre egindako abertzalea.

Garai baten erretratua da, baina baita aparatu politikoek oinarrietako militanteekin izan ohi duten jarrerarena ere. Eta bigarren hori, bulego politikoen dirigismoa, gai guztiz atenporala da.

Bermerik ba al daukagu, izan ere, aurreikusteko kolore bateko edo besteko partiduek ez dituztela manipulatuko gure askatasun nahiak beren interesen arabera? Handirik ez, nire irudiko. Horregatik, batzuetan, harritu egiten naiz alderdiei txeke zuriak sinatzeko herritarrok daukagun erraztasunarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!