Duela gutxi arte, sinistuta nengoen honezkero ezinezkoa zela musikaren, literaturaren edo artearen bidez agintariak deseroso jartzea. Bukatua zela sorkuntza-lanek probokatzeko gaitasuna zeukaten garaia. Azken finean, punka produktu komertzial bat gehiago bihurtua zen nerabezarora iritsi ginenerako; La Pollaren kantak nire herriko taberna guztietan jartzen zituzten, baina ordurako kontsumorako doinuak ziren, ez zuten inor erdi-deseroso ere sentiarazten. Demokrazia hiper-kontsentsualaren garaietan, dena bihurtua zen onargarri.
Baina orain beste fase batean sartu garela dirudi. Dena onartzen ez den garai batean. Are gehiago, gauza asko esan ezin daitezkeen aro batean. Evaristok, La Polla taldeko abeslari ohiak, Guardia Zibilarekin problemak izan ditu kontzertu baten ondoren asteburu honetan. Eta harrigarria da haren abestiak nola ari diren berriz politizatzen eta urtetan galdua eduki duten indarra berreskuratzen. Frankismoa itzultzen ari da, baina gutxienez harekin hausteko sortu ziren himnoak ere eztarria larrutzerainoko gogoz kantatu ahalko ditugu berriz.