Informazioa ematea jada ez da nahikoa: inor ez da bizi jada telebistako ikusleari notiziak ematetik, berriemaileak orain publikoa entretenitu ere egin behar du. Kanta on bat konposatu du musikari horrek, ezohiko pieza bat, giza kondizioari buruz zerbait esatea lortzen duena lau akorderekin; baina zer axola dio, inork ez du jarriko: ez da entretenigarria. Kritika literario batek dio Albert Camusen 'Arrotza' monotonoa eta aspergarria izan daitekeela. Entretenimendu pixka bat falta zaiola, alegia.
Ez dakit noiz gertatu zen aldaketa, baina hemen dago eta dena irensten ari da: entretenimendua diktadura ideologiko baten moduan instalatu da gure bizitzetan, pertsonok publikoki espresatzeko dauzkagun gainontzeko formak pixkanaka azpiratu nahian. Ez nau gehiegi harritzen liberalismoaren dogmetan sinesten dutenek tendentzia hori ontzat ematea. Asko harritzen nau, ordea, ezkerreko jende pila baten pasibotasunak kulturaren munduan gertatzen ari den lerratze ideologiko honen aurrean.
"Jendeak" entretenimendua nahi duela da justifikazioa? Jendea gu gara eta hori baino gehiago eskatzeko eskubidea dugu.