ETAren behin betiko amaiera hurrengo kale kantoian zain daukagun honetan akordatu naiz duela urte batzuk irakurri nuen nobela batez: Jean-Patrick Manchettek idatzitako 'Nada'. Genero beltzeko eleberria da eta kontatzen du talde armatu anarkista baten ibilbidea.
Borroka armatuaz amaiera aldean ematen duen ikuspegia interesatzen zait bereziki: taldeak jasaten duen poliziaren sarekada bortitz batetik ihes egitea lortu ondoren, Buenaventura izeneko pertsonaiak magnetofoi bat hartu eta epitafio moduko bat grabatuko du, taldearen amaiera iragartzearekin batera, borroka molde horri kritika zorrotza eginez, ez damutik, ezta moraletik ere, sistemaren kontra matxinatu nahi dutenei ohartarazpen gisa baizik: hau ez da bidea.
Armatuta borrokatzeko aukera bukatuta, beste lehia-esparru bat irekitzen du pertsonaia horrek, narratibarena. Eta horretan bada paralelismorik Manchetten fikzioaren eta gure errealitatearen artean. Orain, gauzak nola kontatzen diren da borroka-lekua. Gatazka hori irabazi nahi duenak, mesede handia egingo dio bere buruari garai zaharretako lubakiak berriro ez zulatuta.