Larunbat honetan legea hautsi nuen liburu-denda batean. Lagun batekin geratua nintzen eta hamabost minutu lehenago iritsi, gauza nahiko ezohikoa nigan, edonora, edonoiz, edozein baldintzatan berandu iristeko mania daukan barkamen eskatzaile profesionala bainaiz. Kontua da lagunarekin geratu nintzen tabernatik hurbil liburu denda bat dagoela eta zabalik zegoela –gure hirietako ordutegi komertzial luzeen eraginez, laster ez duzu jakingo zer den denda arrunt bat eta zer after bat–. Sartu naiz liburu-dendan, begiratu ditut azken nobedadeak, jo dut apalategi batekin zeina beterik zegoen bidaia-literaturaz eta kazetariek idatzitako liburuz, eta azken asteetan zeresana eman duen zerbait falta dela ikusi dut. Juxtu erosi nahi nuen liburua, hain zuzen. Bitan pentsatu gabe jokatu dut hori ikusirik; eta orain beldur naiz norbaitek nire lege-haustea ikusi ote duen –eta ikusi baldin badu, salatuko ote nauen–. Kontua da, salmahaira jo nuela urduritasun pixka batekin eta liburu saltzaileari aurpegira begiratu gabe, ia ahapeka, zera galdetu niola: "Fariña badaukazue?". Liburu-dendakoak kontuarraren azpitik pasa zidan Nacho Carretero kazetariaren fardoa, epaile batek bahitzeko agindu duena eta beraz, saldu beharko ez zidana. Geratzen zitzaien azken-aurrekoa omen. Merkantzia preziatua anorakaren barruko patrikan gordeta atera nintzen liburu-dendatik. Narkoliteraturarekin trafikatzea leporatzen badidate, kontsumo propiorako dela esango dut.