Espainiako eskuinarena bai ari dela izaten birfundazioa eta ez ezker abertzalearena. Sei hilabeteko tartean, pasa gara estatua puskatzeko aukeraz hitz egitetik, euskara, katalana edo galiziera administrazioan ere erabiltzeko hizkuntzak direla defendatu behar izatera. PPren ustelkeriak ongarrituta, inkestak Ciudadanos puzten ari dira eta badago, horren atzetik Falange berri baten itzala oinez ikusten duenik.
Eskuin espainolistari faxista deitzearen topikoan erori gabe –nahiz eta jakin topikoak, batzuetan, oso zehatzak izaten direla–, nik gaur Ciudadanosen bezeroez hitz egin nahi nuke, Juan Marséren 'Últimas tardes con Teresa' nobela baliatuz. Eleberri horretako protagonista, Pijoaparte, Bartzelonako txabola-auzo bateko mutila da, motoak lapurtzen dituen pikaro ezin erakargarriago bat. Burgesia kataluniarreko neska batekin daukan harremana da nobelaren muina. Klase sozialaren auziak bustitzen du istorioa alde guztietatik: mundua aldatu nahi duten aberaskumeak batetik; bestetik, aberatsen bizimodua edukitzea besterik bilatzen ez duen gazte proletario murtziar bat.
Iruditzen zait Ciudadanosek zerbait lortu badu, izan dela perfil horretako jendearekin konektatzea: ez gizarte justuago bat bilatzen dutenekin, baizik eta eskailera sozialean kosta ahala kosta gora egiteko aspirazioak bizi duen jendearekin. Ezkerrak normalean ez ditu kontuan hartzen Pijoaparte bezalako boto-emaileak. Eta Marséren nobela argitaratu zenetik 50 urte baino gehiago pasa direnean, oraindik horietako asko ikus ditzakezu bazterretan.