Kataluniako thrillerra momenturik gorrienean zegoenean agertu zen pertsonaia aspergarri bat, oso aurreikusgarria bera. Haren dialogo guztiak esaldi honekin hasten ziren: "Kataluniara begira zaudeten bitartean...". Ondoren, gogora ekartzen zuen Murtziako protesta bat, Madrilgo ospitale bateko aurrekontu murrizketa edo Sevillako hainbat langileren kaleratzea. Pertsonaia horri ez zitzaion arrazoirik falta, beste kontu horiek ere garrantzitsuak ziren, baina bazirudien konparazio horrekin nagusiki bilatzen zuela Katalunian gertatzen ari zena auzitan jartzea.
Mota horretako pertsonaia ugari agertu dira azken asteetan izan dugun eztabaida linguistikoan: testuinguru jakin batean batua ala euskalkia erabiltzea egokiagoa den debaterako gai bihurtu ondoren, zenbait ahotsek "batua vs. euskalkia eztabaidatzen ari zareten bitartean..." erako argudioak atera dituzte paseatzera, segidan euskarak dauzkan beste problema batzuk, larriagoak segur aski, gogora ekarriz.
Ai, nagikeria intelektuala: iritzi kontrajarriak ez dira zertan txarrak izan; esparru berean aritzen garen pertsonok ez ditugu zertan ikuspegi guztiak konpartitu; ez ditugu gai deserosoak sistematikoki saihestu behar.
Gure arteko eztabaidek zenbaiti eragiten dioten panikoa, euskalduntasuna bizitzeko modu agoniko baten adierazle oso argia iruditzen zait.