Joan den astean albiste izan da Cesare Battisti, berari buruz argitaratzen dituzten notizietako argazkietan beti aurpegi txarrez ateratzen duten ekintzaile ohi italiarra. Brasilen dago, Italiatik ihes egin, Frantzian gorabehera ugari bizi, Mexikora alde egin eta handik Hego Amerikara pasa ostean. 1970eko hamarkadan, berunezko urteetan, talde armatu iraultzaile bateko kide izan zen eta orduko bi hilketa dela-eta eskatzen du Italiak estraditatu dezatela. Prentsak probestu du Battistiren historial kriminala berriz ere paseatzera ateratzeko, kopeta belztuta agertzen den argazkiekin batera. Ez ditut, noski, hari buruz argitaratu diren notizia guztiak irakurri. Batzuk bai. Eta arreta deitu dit gauza batek: leitutako pieza guztien artean, bakar batek ez du aipatzen Battisti idazlea denik, talde armatu bateko kide ohia izateaz aparte. Literatura gauza arriskutsua baita: idazten duenari ahotsa ematen dio, mundu ikuskera bat islatzeko aukera ematen. Eta iruditzen zait duela 40 urteko aferak baino, ikuspegi hori dela Battistiri barkatu nahi ez diotena.