Erokeria iruditzen zaizu poliziak ezer galdetu aurretik tiroa botatzea, baina gero eskura daukazun arma bakarrarekin, telefono mugikorrarekin, 140 karaktereko kargadorea hustu arte ametrailatzen dituzu ingurukoak, zure eskemetan sartzen ez den egoera bat muturren aurrean paratzen zaizun aldiro. Ez naiz akordatzen zein atentaturen ondoren izan zen, ezta nork idatzi zuen txio hura: "Azkar, eman iritzi bat". Ispiluan ikusi nuen bizi dugun garai hau, zeinean erabiliaren erabiliaz, iritziak jaurtitzeko armaren katua laxatuta daukagun. Gehitu horri gauzak delimitatzeko beharra, ni behintzat kezkatuta naukana: "Hau ongi eta hori gaizki" esateko premia berritu bat sumatzen dut inguruan, badirudi nire lagunek, besteen bizitzen ugaritasunaz jabetu eta horrorizatuta, pentsamendu bakarrera itzuli nahi dutela, espektakulu desatsegin bat ikusi ondoren etxera itzuli nahi duenaren presaz. Ez zait gustatzen fast-food estiloko iritzien eta gauzak ulertzeko modu bakarraren mundu hau. Gertakari beldurgarrien atarikoa dela iruditzen zait.