Gutxiegi garelako, are gutxiago garela iruditzen zaigulako, oraindik eta gutxiagotan elkartzen garelako eta, zergatik ez aitortu, gure gutxitasunaren errekreazio masokistak ere pixka bat berotzen gaituelako, badirudi premia larri batek bizi gaituela euskaldunok: denak elkartu eta zenbat garen erakustea. Ez naiz ni izango horretarako antolatzen diren jaialdi, saltsa eta festen kontra ariko dena, ezinbestekoak iruditzen baitzaizkit. Bada ordea fenomeno horiekin lotutako pentsamendu (?) lerro bat, hainbeste grazia egiten ez didana: horren arabera, euskaraz sortzen den edozerk, ahal dela, ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar du. Abiapuntutik jarri behar dira indarrak nagusiki horretan, gainera. Masibismoa deitzen zaio korronte ideologiko horri eta, gorrotatzera iritsi naizen ekoizpen kultural askoren atzean dago. Gure normalizazio-grinaren basoak ez gaitzala itsutu arbolaren xehetasunak baztertzeraino: hemen benetan arrakastatsuak izan diren sorkuntza lanak ez dira gehienetan logika horretatik pentsatu.