Biziraupen-proba gisa aurkezten diren reality-showek uste baino gauza gehiago esplikatzen dizkigute gaur egungo politikaz. Begiratu, adibidez, ETBren kanal erdaldunean emititzen duten El Conquis: pertsona arruntak muturreko baldintzetan jartzen dituzte bizitzen, ia jan gabe eta elkarren aurkako etengabeko lehian. Eta baten batek dena pikutara bidaltzeko asmoa adierazten badu, hor agertuko da programako aurkezlea atzamarra lehiakide akituaren begian sartzera, bigunegia dela leporatuz, errazegi errenditzen dela, gehiago borrokatu behar dela (borroka ulertuz indibidualki munduaren kontra joatea bezala, noski). Biziraupen-realityak azken hamar urteetako oldarraldi neoliberalaren metafora perfektua dira: pertsonak gontzetatik jalgi arte estutzea da jokoa, haserrearen haserrez, kamerari eskaintzen dioten arte urrezko audientzia duen minutu bat. Frantziako azken presidentzialak minutu horietako bat izan dira, showa bukatu den arte. Diferentzia nagusia da El Conquis komentatzen duten tertulianoak hobeak direla politikaz aritzen direnak baino.