Alfredo Urdaci izeneko pertsona batek aurkeztu zituen urtetan Espainiako telebista publikoko informatiboak, Vaya Semanitak barre egin du abertzale eta euskaldunen kontura, programa joan eta programa etorri, bizirik mantenduz, diru publikoz, Txomin del Regatoren umore frankista eta, antza, grazia eginez pertsona mota bati zeina, erdaldun elebakar izateagatik, inteligenteago sentitzen den euskaldun arrunta baino. Baina ei, problema euskaldunak dira, topiko espainolei buruz hizketan ia audientziarik izan ez duen saio batean. Ez zitzaidan gustatu "Euskalduna naiz eta zu"-ren saio hori. Haren inguruan unionismoak sortu nahi izan duen gerra kulturalak badu, ordea, ahalegin nostalgikotik, gaindituta genuen eskema batera itzultzeko gogotik: ze eroso pasa dituzten 40 urte identitario-intoleranteen kontrako gurutzada demokratikoan, balore unibertsalen bandera hartuta, eta bitartean, frankismo osteko estatu gizenaren zorro publikoan eskukadak sartzen. Beste 40 urterako aitzakia bila dabiltzala pentsatuko nuke, baina agian da gorroto anti-espainolez itsututa nagoelako.