Ibarretxe eta Masen arteko solasaldiak irabazi du zientzia fikziozko pelikula onenaren Oscar saria. Ekitaldi akademikoz mozorrotutako utopia demokrata-kristauak publikoaren bihotzak konkistatu ditu, gidoi landuari eta aktoreen lan onari esker. Nik ordea, zerbait azpimarratzekotan, efektu bereziak nabarmenduko nituzke: hain ondo landu dituzte, ezen ematen baitzuen Ibarretxe politikoki bizirik dagoen norbait zela; eta Mas berriz, bere herriaren askatasuna lortzen saiatzeagatik defenestratu zuten lider ondratu bat. Edo agian ez dira efektu bereziak izan hori lortu dutenak, beste zerbait baizik. Demagun, fedea. Zerbaitetan sinetsi nahia. William Wallace bat behar baitugu, Michael Collins bat sikiera, eta halakorik iristen ez den bitartean, konformatzen gara gure aspirazio nazionalak kanaliza ditzaketen kontsentsuzko figurak aupatzearekin. Publikoak sutsuki erantzun du. Kritikarik ez dago eta inork ez du faltan sumatzen. La La Landek eztabaida handiagoa piztu du gure mundutxoan bi presidente ohi hauek baino. Benetan independentea izango den film bat ikustera noa.