Ahaztu, nahastu

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Berasategi 2020ko mai. 20a, 16:46

Oraindik salbuespen egoera honetan egonik, eta ikasleoi maiatzeko azterketak
hurbiltzen ari zaizkigula ikusita, egunaren zatirik handiena ikasten pasatzen dut;
goizez klase ez-presentzial ospetsu horiekin, eta arratsaldez nire kontu.
Suminkorrago nagoen egun hauetan, konturatu naiz ikasita neuzkan eta
beharrezkoak zaizkidan gauzak ahazteak sekulako amorrua sortzen didala. Asko
gogaitzen nau iraganean horiek ikasteko egindako lana errepikatu behar izateak.
Dena den, hori egin ezean, ezer gutxirako balio du ikasitakoak, ezin badugu
gogoratu.

Berrogeialdia hasi aurretik aitona-amonei bisita egitera joan nintzaien azkeneko
aldietako bat daukat gogoan. Egun horretan nire aitona nahasita zebilen, eta bere
begiradan ikusten zen ez zekiela ongi nor nintzen; berrogeita hamar urte lehenago
izandako bizilagunaren semea nintzela sinetsita zegoen, eta ezetz esatean, gehiago
nahasten zen. Azkenean, baietz, berak zioena nintzela esan nion. Izan ere, ezer
gutxirako balio du nik gogoratzeak ingurukoek ezin badute gogoratu.
Oroitzapenetatik bizi den jende ugari dago, eta oro har, denok gara horiek ahaztarazi
ditzaketenen beldur. Hala ere, pentsatzen dut beldur horrek oraindik handiagoa izan
beharko zukeela. Izatez, kalera ateratzeko ateak ireki dizkigutenean pixkanaka
jatorrizko egoerara itzultzeko bidea hasi dugu, bizitako aste hauek baztertu nahian,
atsegina izan ez dena ahazteko ahaleginetan, eta egindako aurrerapausoak nolabait
atzera botaz. Ingurukoen jarreran ikusten da.

Ez zait iruditzen hori dela egin beharrekoa. Diotenez, historia gogoratzea da okerrak
ez errepikatzeko modua; ahazteak edota nahasteak, ez luke aukera bat izan behar.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!