Bart gauean lan handia eman dit loak hartzeak. Azken aldian ez bezala, bueltaka egon naiz ohean, zorabiatu arte ia, alde batera eta bestera. Zorabioa ez da biren ondorio izan, tarte luze horretako pentsamendu ekaitzarena baizik. Loaren mugan orekan egondako tartean bururatu zaizkidan guztietatik, gaur goizean batek bakarrik jarraitzen zuen hor barruan zurrunbiloka.
Lagun, senide edo hurbileko beste norbait azkeneko aldiz agurtzea, luzaroan berriro elkar ikusiko ez dugulako, edo arrazoi itzulezinagoengatik, beti izan da pitzadura txikiak eragin dizkidan zerbait. Bereziki agur hori azkenekoa dela ez dakigunean.
Egun, gauden moduan gaituen egoera honek horrelako esperientzia gozagarriak biderkatu ditu. Muturrera ere eraman ditu, okerreneko kasuetan. Ez nuen horrenbeste baldintzatzen gaituen coronavirusaz hitz egin nahi, bene-benetan, baina ezinbestekoa dela dirudi, agurrei beraiei ere agur esatera behartu gaituenean.
Iruditzen zait behar bezalako agurrak egin ez izanak faltan ditugunen hutsak sakonagoak, beltzagoak bihurtu dituela. Bereziki, agur horiek benetan behin betikoak bihurtu zaizkienen kasuan. Benetan ez dakigu noiz arte egonen garen modu honetan, inork ez baitaki ezer, eta horrek kezka ekartzen du, eta kezkak beldurra, eta beldurrak inoiz ez dakar ezer onik.
Dena den, gutako askoren arazoak irrigarriak dira hamaika modutan gorriak ikusten ari diren gizajoenekin alderatuta, eta horrek kontsolamendua izan behar ez badu ere, komeni da gogoan izatea beldurrak egoteko baino, eskertuta egoteko arrazoi nahikotxo ditugula gehiengoek.
Guztia perspektiban jarriz, pisua duenari kendu gabe, noski, izan gaitezen indartsuak; zain gaitezen ingurukoak zainduz, eta zaintze horretan, zain egongo gara agurrei berriro agur esateko unea noiz iritsiko, baina ez badoazelako, badatozelako baizik. Zain egongo gara besarkadak eta muxuak itzuli arte.
-Beñat Berasategi