Edozein ikaslek denbora asko pasatzen du irakaslez inguratuta. Irakasleek esaten
dutenari entzuten, ikasten. Zalantzarik gabe, irakasleek eragin handia dute, ahalmen
itzela haien ikasleengan. Eta esaten denez, ahalmena gaizki erabilia denean…
ondorioak ez omen dira oso desiragarriak.
Denok gogora ditzakegu markatu gaituzten (eta markatzen gaituzten) irakasleak.
Gugan utzitako arrastoaren arabera, irakasle onak, edo txarrak. Dena ez omen da
zuria edo beltza… ba hau bai. Hau argi dago.
Irakasle txar batek ez du irakasle izateak ematen dion ardura merezi. Ez du ondo
erabiltzen; batzuk ikasleak ikaratzen dituzte, hondora daitezen saiatu. Beste batzuk,
irakasten dutenarekiko gorrotoa sortzen dute ikasleengan, gai horrekiko erabateko
mespretxua. Bi horietatik, ez dakit zer den larriagoa. Gustatuko litzaidake jakitea
zergatik sartzen den horrelako norbait irakaskuntzan. Onura bakarra dakarte:
benetan onak direnak are gehiago nabarmentzea.
Irakasle onak, horiek bai direla benetan irakasle. Dakitenarekiko pasioa helarazten
duten horiek, haratago doazenak, zaila dena zaildu beharrean, errez eta egingarri
bihurtzen dutenak. Horiek bai benetako irakasleak. Haien eskoletara gogotsu joatea
lortzen dute, ikasleek ikasitakoak azterketaren ondoren ere bizirautea.
Hainbestekoa da bi izaera mota hauen arteko aldea non hausnarketa serioa merezi
duela iruditzen zaidan. Era askotan saiatzen dira gaur egun kanpotik ekarritako
teknika ultra-modernoekin hezkuntza itxurosoagoa lortzen… niri oinarrizkoagoa
iruditzen zait irakasleen aukera zuhurtziaz egitea.
Nik, nire aldetik, eskerrak ematen dizkiet nire irakasle on izandako guztiei.