Sinetsi eta irentsi

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Berasategi 2019ko aza. 13a, 15:28

Zalantzarik gabe, jateko era aztertzea da helduen eta umeen arteko aldeak ikusteko
modurik onenetako bat. Umeek, argi dute zer gustatzen zaien eta zer ez, eta nahi ez
duten zerbait jatera behartuta sentitzen diren une berean hasten dira kexaka. Gogor
egiten dute atsegin ez dutenaren aurka, nahiz eta jakin badakiten helduek hor eserita
utz ditzaketela jan beharreko guztia jan arte.

Heltzen garen heinean, liskarrerako gogoa galduta edo, aurrean daukaguna jatera
ohitzen gara, kexatu gabe, ezer esan gabe. Batzuetan, indiferentziaz jaten dugu,
jaten duguna inporta gabe, jateko zerbait izatearekin konforme. Dastatu gabe
irenstera ohitzen gara, jandakoa zer zen ahazteko muturrera iritsiz. Gure jokaerak
horrelakoa izan behar duela sinetsita, besterik gabe irentsi egiten dugu irentsi
daitekeen oro.

Alde nabarmena umeen eta helduen artean, beraz. Jakina, atsegin duguna bakarrik
jateak kalteak dakartza, ez da osasuntsua, baina zentzu batean, are larriagoa da
oraindik zer den inporta gabe, edonola, sudurraren parean jartzen diguten guztia
ahoan sartzea.

Noizbehinka, hobe genuke kexatzeko grin hori berreskuratzea. Eta ez naiz jateaz
bakarrik ari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!