Norabiderik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Berasategi 2019ko urr. 16a, 15:36

Unibertsitateko lehenengo hilabetea pasa dut dagoeneko. Nire bizitzako lehen asteak unibertsitatean. Bigarren hezkuntza eta batxilergoaren helburu nagusia hori lortzea izanik, inoiz baino zoriontsuago egon beharko nintzatekela suposatzen da. Eta bai, pozik egon, banago, baina aldaketak topatu ditut espero ez nituen lekuetan.

Orain arte, aurrera egin behar genuen nahitaez, selektibitatea “bizirik” bukatu nahi bagenuen. Orain, itsasoaren erdian flotatzen nagoen inpresioa daukat, inora joan gabe, inora joan behar gabe, eta inora joateko arrazoi argirik gabe. Lasaitasun moduko hori ez dago batere gaizki, baina azkenean lortu dugun askatasun honek  nahastuta edo, noraezean gabiltza ikasle asko. 
Ziurrenik, beste asko egongo dira gure antzera, eguneroko eginbeharrak egitera motibatuko dituen zerbaiten faltan. Hori, arriskutsua da, horrela hazten den indiferentziak gure gogoak zapalduko baititu, gauzak “besterik gabe”, “hargatik”, egitera kondenatuz.

Goibeltasun horri ihes egiteko, ikaragarrizko garrantzia dauka iparra bilatzen saiatzeak, gidatuko gaituen—edo jarraituko dugun—argitxo bat aurkitzeak. Horrelako bat lortzerakoan, izan pertsona, amets edo bestelako iparrorratz bat, ez galdu, ez utzi joaten, altxorrak baitira norabiderik gabe doan edonorentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!